2007-01-19

EMAKUME DISIDENTE BAT BESTE EMAKUME DISIDENTEEN BILA



Gelditu egin naiz kale bazterrean, eta horma grisean gorriz idatzita dagoen mezua irakurri dut adi: Emakume disidente bat beste emakume disidenteen bila. Zentzumenak luzatuz, zazpi hitz horietako letretan eskegi dut nire begirada; adierazlearen ahotsa ere entzun dezaket argi: ahots indartsua, iradokitzailea oso. Afrika, Aiora, edo Sorkun abeslari handien ahotsak bezain indartsu eta iradokitzailea da burura datorkidan soinua.

Zerbaiten edo norbaiten bila gabiltzanean horman eginiko pintada batek bidea erakutsi eta zabaldu egiten digu askotan. Ekintza sinple batek gure pentsamendu korapilatuen gela hankaz gora jar diezaiguke instant batean. Abuztua da, distantzia eta zubien hirian nabil paseoan. Ezeren bila? Noski, zerbaiten eta norbaiten bila nabil, jakin nahiak gupida gabe astintzen nau eta. Ezaguna egiten zaidan ezezagun baten oharra irakurri eta batera hunkitu egin naiz, K.D. Lang abeslariaren kanta eder bat entzuterakoan hunkitzen naizen moduan: Save me, save me from you but pave me the way to you (…) Clothe my desire. Lagundu nazazu, zuganako bidea erakuts diezadazu. Apain ezazu nire desira.

Kalea, hormak elkartzeko tokiak dira. Denbora gehiegi daramagu hormaren kontra gure buruak jo, mindu eta husten. Bidaia eta borroka laguna izateko irrikan dagoen emakume batekin topo egitea bisuteria denda batean harribitxiak aurkitzea baino zailagoa da.

Betidanik ibili naiz bila. Zeren bila? Haurtzaroan hasi nintzen neure buruari galdezka, erantzun bila, oso tematia izan naiz beti. Egun batean, leiho ondoan granadak zuritzen nengoen bitartean, zin egin nuen inoiz ez nintzela inoren aurrean makurtuko. Gelaren leihotik patio itxi, itsu eta itogarria ikusten zen. Ni hegan egiteko jaio naiz, pentsatu nuen, leihoaren beste aldera salto egin behar bada salto egingo dut. Amildegiak ez nau izutzen, ez. Ziegak, ordea, bai. Carmenek, gure amamak, haurtzaroan gehien maite nuen emakumeak, Pepe nardargarriaren tratu txarrak pairatzen zituen. Orduan, zin egin nuen inoiz ez nintzela inoren aurrean makurtuko.

Gela berean, granadak zuritzen nituen gela hartan, Carmenek hainbestetan oihu egin zuen espazio asfixiagarri hartan, sei urte nituelarik eta adin bereko neska lagun baten altzoan olgetan nenbilela erotikaren lehenbiziko lezioa ikasi nuen: Goxotasuna sentitzeko jaio gara. Orduz geroztik, zin egin nuen plazerra bilatu eta aurkituko nuela beti, debeku guztien aurka. Desobedientzia eta plazerra, bi osagai ezin aproposagoak emakume librea izateko.

Erantzun ezkutuen bila jarraitzen nuelarik E.D. ezagutu nuen. Zorionez eta bizitzari esker, Gurutzearen Alabak Ikastetxean sartu ninduten lehenengo urtean neskato ilegorri, errebelde, alai eta azkar hura ezagutu nuen. Zelako poza! Alua eta titiak izateagatik bizkar gainean kargatu beharreko gurutzea eramangarriagoa zen horrela, bion artean madarikazioaren pisua banatzen genuelako. Biok bekatari. Zelako lilura! E.D.-ren laguntzarekin ikurrinak margotzen ikasi nuen. Urtero- urtero gelako mahaian itsasten genuen gure ikurrina berde-zuri-gorri disdiratsua. Denbora hartan, nire lagun minaren osaba preso sartu zuten. Protokolo ezin handitsuagoarekin kontatu zizkidan atxiloketaren xehetasunak. Ikurrinarekin batera sinbolo bihurtu genuen mutil gazte hura ere. Gure amorru naturala eta biologikoa bideratzeko asmoz edo argudio bila genbiltzan jo ta su, burmuinari hamaika buelta emanez. Neskatoak ginen baina tentelak ez. Gaitz higuingarri guztien sortzaile den sistemaren babeslea den polizia higuingarria ez genuen gogoko. Ezta kartzelak ere. Akaso pentsatu genuen paperez eginiko ikurrina eta mutil ausarta hura biolentzia guztien kontra babestuko gintuztela, ordurako imaginatzen genuen mundura hurbilduz aldi berean. Gisa horretako sinbolo eta pertsona esanguratsuak sinesgarritasuna zuten guretzat.

Inoiz ez nintzela inoren menpe biziko zin egin nuen egunean neure burua, neure gorputza salgai ez dagoela eta harrotasunez bizi behar dudala ere argi nuen. Anaia, aita, osaba, zein mutil laguna patriarkatuak bultzaturiko dotrina eta lege kirastuen konplize eta jarraitzaileak bihurtzen diren heinean, sinesgarritasuna galtzeaz gain, gugandik, hau da, libre izan nahi dugun emakume disidente guztiongandik urrundu egiten dira, tamalez. Maitatuak eta gure parekoak izatetik gorrotatuak eta etsai izatera igarotzen dira, plano sinbolikoan bederen. Kartzelan edo erbestean dagoen gudari iraultzailea, maitale idealista eta utopikoa, lagun preziatua, anaia azken finean etsai bihurtzen da goitik begiratzen gaituen unetik. Aniztasunaren zerbitzura lan egiten duen intelektual baten mozorroa duen apaiz, euskaldun jator misogino, ezkerreko gizon progre lesbofobo, heroi iluminatuek saldu egin gaituzte.

Sukaldeko trapuak bihurtuz ikurrina eta beste bandera guztiek sinbolo gisa duten boterea gutxietsi zuen ausardiaz gure poeta eta ideologo Joseba Sarrionandiak, eta nire ustez, euskal imaginarioan ezarrita zegoen aberriaren ideia zaharkitua behin betikoz berriztea lortu zuen olerkiaren bidez. Hala ere, Euskal Herrian, bai kultura bai politika arloan, feminismoaren aldarrikapenen aldeko borrokari dagokionean, anaien elkartasuna, hurbiltasuna eta kemenaren falta nabarmena da. Ezer gutxi esan dute emakumeak gutxietsi egiten dituen sistema patriarkalaren gainean. Badirudi erronka horren ardura ideologikoa emakumeok bakarrik eta bazterkeriaren bakardadean izan behar dugula. Badirudi lan horren ardura ideologikoak ez duela ezer ikusirik herriaren eraikuntzarekin. Emakumeon askatasuna, autonomia, independentzia baita parekotasuna lortzeko estrategiak asmatzea guztion ardura da.
Anaien bila gabiltza eta bizkarra ematen digute.

Extralurtarrak izango balira bezala goitik begiratzen diguten jaun boteretsuak madarikatu zituen emakumea dugu Amaia Lasa idazle eta ekintzailea: Jaungoiko guztiak ukatzen dituen emakume bat naiz. Atzo, zeruko jaungoikoa ukatzen nuen, gero infernukoa, eta gaur, lurreko jaungoikoa ukatzen dut. Koldo Izagirrek idatzi izan du gure poesia modernoan, emakumea aberriaren motiboetarik bat baino ez zela izan. Ez da harritzen, beraz, a e i o u berri bat asmatu nahi izateaz. Amaia Lasaren poesia fundazionala dela dio, gerora garatu den emakumezkoen literatura baten aldarria, laudorio faltsu guztien dekoratua suntsitzeko behar zen aurreneko mailukada. Izagirreren ustez, bera da gure literaturaren lehen emakumea, berak dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara.

Kode bat, desio bat, norberaren hizkera, mugak eta oztopoak gainditzeko diseinatua den espazioa, a e i o u berri bat. Zerotik eraiki beharra lan makala da. Erreferenteak, modeloak behar ditugu gure historiaren puzzlea osatzen jarraitzeko, bestela jai daukagu. Eta argibideak egon badaude. Feminismoa, hain zuzen, oinarri teorikorik sendoena da. Munduko herri guztietan bezala patriarkatuaren bortizkeria pairatu behar dugu Euskal Herrian ere. Arnasa hartzen dugun unean ito egiten gaituzte, gure askatasun nahiak sistematikoki zapaltzen, gure diskurtsoak isilarazten, gure ekintzak zigortzen.

Ez dago astirik noraezean galtzeko. Denbora gehiegi eman dugu hormaren kontra gure buruak jo, mindu eta husten. Emakume disidente guztion ahotsak kalean entzun behar dira. Jaun gabe, libro eta duintasunez bizi nahi dugu.

Ainhoa Güemes Moreno